Fortuna Kirol Klubaren (Behobia-San Sebastián lasterketaren antolatzailea) eta Gipuzkoako Turismo Departamentuaren arteko lankidetza, kirolari, parekotasunari eta tokiko nortasunari balioa emateko.
Miramar Jauregia aukeratu dute Behobia-San Sebastián lasterketaren aurtengo edizioko dominaren aurkezpen ofiziala egiteko. Ekitaldiak Gipuzkoako Turismo Departamentuaren laguntza izan du, kirolaren, turismoaren eta lurraldeko balioen sustapenaren arteko harreman estua indartzeko.
Aurkezpenean, azaroaren 9an Donostian helmuga zeharkatuko duten 28.000 parte-hartzaileek jasoko duten dominaren diseinua azaldu da.
Bertan izan dira Azahara Domínguez, Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatua eta Maialen Arizkorreta, Behobia-San Sebastián lasterketako marketin arduraduna.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru-arduradunaren ustez, kirol-hitzordu “ezinbesteko” honek “Gipuzkoa munduko runningaren mapan kokatzen du, eta, gainera, lurralde gisa definitzen gaituzten baloreak parte-hartzaileekin partekatzeko aukera ematen digu”. Ildo horretan, gogorarazi du bere departamentuak duela gutxi aurkeztu duela Gipuzkoako Turismoko Plan Estrategikoa, ‘Zatoz eta zaindu’ elopean. “Jendea etortzea nahi dugu, baina baita zaintzea ere, Behobiaren inguruko giro zoragarriaz gozatzea, baina baita haren atzean dagoen lan eta inplikazio guztiaz arduratzea ere, horrela, guztion artean, gure lurraldearen iraunkortasuna zaintzen jarraituko dugu eta bere etorkizuna bermatuko dugu”, adierazi du.
Bestalde, Maialen Arizkorreta azpimarratu duenez, aurtengo domina, kamiseta bezala, edizio honetako “50/50 Egin dezagun posible”, leloarekin diseinatu da, duela 8 urte hasitako B/SS 505025 proiektuari amaiera emanez. Leloa, dominan eta zintan grabatua, mezu argi bat da, non aldaketa gizartetik etorri behar den eta denon artean posible egin dezakegun.
Gainera, dominan azken urteetan egin den bezala, lasterketak zeharkatzen dituen herri guztien izenak grabatuta datoz, Behobia-San Sebastián lasterketa Gipuzkoaren erakusleiho handia baita munduaren aurrean, bere pasioa, paisaia eta jendea erakutsiz.
LAurkezpenari amaiera emateko, argazki instituzional bat atera da Miramar Jauregiko lorategietan, Kontxako badiara begira. Bertan, kirolaren, turismoaren eta Donostiako paisaiaren arteko lotura berretsi da, Gipuzkoako nortasun-zigilu gisa.

