Gaur goizean, Maiatzak 5, 60. Behobia - San Sebastián (B/SS) lasterketaren izen-emate orokorraren irekierari buruzko eta BSS 50/50/25 proiektuaren inguruko aurkezpena egin da Donostiako Udaletxean.
Aurkezpenean, Lehenengo Lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua den Ibone Bengoetxeak, Donostiako Alkatea den Eneko Goiak eta Behobia - San Sebastián lasterketaren koordinatzailea den Iñigo Etxeberriak hitzegin dute.
Duela 7 urte, Behobia - San Sebastián lasterketak erronka handi bat ezarri zuen: BSS 50/50/25 proiektua. Konpromiso bat hartu zen genero berdintasunaren alde kirolean, 2025 urtean lasterketako partaideen erdia emakumeak izan zitezen. Aurtengo izen emate epe orokorra datorren maiatzaren 7an zabalduko da, asteazkenean, eta Fortuna Klubak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako Udalarekin batera, deialdi berezia egin die emakumeei aurtengo lasterketan parte hartu dezaten eta, hala, 2025 urterako ezarritako 50-50 helburu parekide horretara gerturatzeko, "Egin dezagun posible" lelopean.
Lehen lehendakariordeak, Ibone Bengoetxeak, "Kirola gizarte eraldaketarak tresna dela eta BSS 50/50/25 proiektua horren isla dela” adierazi du aurkezpenean: “Proiektu honek badu zerbait berezia: gizartetik sortua izan da, gizartearentzat. Erakundeon lana proiektu hauek laguntzea eta bultzatzea da. Horregatik, gaur, emakumeak animatzen ditugu pauso bat aurrera ematera eta proiektu honen azken kilometroetara batzera. Izan ere, aurten iritsiko gara ezarritako helmugara. Baina, aldaketa sozial honek, ez du mugarik. Bidea markatu dugu eta, orain, eraikitako bideari jarraipena eman behar diogu, bideari eutsi behar diogu”.


Bestalde, Behobia – San Sebastián lasterketako koordinatzaileak, Iñigo Etxeberriak, emakumeen belaunaldi berri baten partaidetzan igoera handia egon dela azaldu du: “Poztasun handia ematen digu lasterketan emakumeen belaunaldi berri eta indartsu bat agertu izana, 20-30 urte bitarteko adin-tartean, eta dagoeneko %40ko partaidetza-langa gainditu dutenak azken edizioetan”.
Zentzu honetan, lehendakariordeak “aldaketa ematen ari dela” azpimarratu du: “Egindako bidearen emaitzak ikusten ari gara orain. Eta, hau, azken urteetan belaunaldi berrientzat erreferente gisa jardun diren emakumeei esker da”.
Era berean, Etxeberriak gogorarazi du BSS 50/50/25 proiektua aurkeztu zutenean “bazekitela epea motza zela, baina honela adierazi nahi genuen normaltasun eza. Garbi dago mugak ez direla fisikoak, gizarte eta ohitura mailakoak baizik. Aurten, enfasi berezia jarri nahi izan dugu proiektuan, Behobia – San Sebastián parekide horretara iritsi ahal izateko”.