Fortuna Kirol Klubaren (Behobia - San Sebastián lasterketaren antolatzailea) eta Gipuzkoako Turismo Departamentuaren arteko lankidetza, kirolari, parekotasunari eta tokiko nortasunari balioa emateko.

Kontxako erlojuak aukeratu dituzte Behobia-San Sebastián lasterketaren aurtengo edizioko dominaren aurkezpen ofiziala egiteko. Ekitaldiak Gipuzkoako Turismo Departamentuaren laguntza izan du, kirolaren, turismoaren eta lurraldeko balioen sustapenaren arteko harreman estua indartzeko.

Aurkezpenean, azaroaren 8an Donostian helmuga zeharkatuko duten 30.000 parte-hartzaileek jasoko duten dominaren diseinua azaldu da.

Bertan izan dira Azahara Domínguez, Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatua, eta Maialen Arizkorreta, Behobia - San Sebastián lasterketako marketin arduraduna.

2026 Domina

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru-arduradunaren ustez, «Gipuzkoa beti egon da kirolaren praktikari estuki lotuta». Bere esanetan, «ahalegina, sakrifizioa, norberaren gainditzea eta talde-lana bezalako balioak gure DNAren parte dira, eta harro gaude bizitza ulertzeko dugun modu horregatik ezagutzen gaituztelako». Baina diputatuak azpimarratu duenez, ez hori bakarrik: «Gure abegikortasuna eta bisitan etortzen zaiguna etxean bezala sentiarazteko egiten dugun ahalegina ere gure nortasunaren adierazgarri dira». Horregatik, esan du ez dela harritzekoa Behobia - San Sebastián bezalako lasterketa maitagarria masa-fenomeno bihurtu izana: «Muga guztiak gainditzen dituen hitzordua da, eta munduak ezagutzea nahi dugun Gipuzkoaren irudi horretan indartzen gaitu».

Bestalde, Maialen Arizkorretak azpimarratu duenez, «aurtengo dominak Kontxako badia du inspirazio iturri nagusi, Behobia - San Sebastián amaitu ondoren milaka korrikalarik itsasoan bainu bat emateko tradizio polit horri omenaldia eginez». Gainera, aurten, dominan izena eta denbora grabatzeko zerbitzu berri bat egongo dela adierazi du Arizkorretak, zerbitzu hau Alderdi Ederren, udaletxe aurrean egongo da, eta egunean bertan kontratatzeko aukera egongo da.

Aurkezpenari amaiera emateko, argazki instituzional bat atera da Kontxako badiara begira. Bertan, kirolaren, turismoaren eta Donostiako paisaiaren arteko lotura berretsi da, Gipuzkoako nortasun-zigilu gisa.

2026 Domina
2026 Domina