MENÚ AUXILLIAR DE LA PÁGINA
Beroak errendimenduan duen eragina erakuste aldera, 2014ko denborak eta 2015ekoak alderatuko ditugu: 2014an 13-14ºC-ko tenperatura izan zen eta % 68ko hezetasuna; 2015ean, berriz, tenperatura 27-29ºC-koa izan zen eta hezetasuna % 40koa.
2015eko parte-hartzaile guztien batez besteko lasterketa-denbora eta 2014ko edizioan parte hartu zutenena alderatuz gero, 2015eko lasterketan 2014koan baino 8 minutu eta 27 segundo gehiago behar izan zituzten ibilbidea osatzeko. Datuok aztertu eta kronometraje-puntu bakoitzean izandako denbora-galerari erreparatuta, galera hori ez zen konstantea izan: irteeratik 5. km-raino korrikalariek batez beste 45 segundo bakarrik galdu zituzten, 5. eta 10. km-en artean minutu bat eta 58 segundo, 10. km-tik 15.era 2 minutu eta 12 segundo, eta 15. km-tik helmugara 3 minutu eta 32 segundo, lehenengo tartean baino ia bost aldiz gehiago.
Datuok aztertuta ondorioztatzen denez, parte-hartzaileek, orokorrean, beren helburuak betetzeko asmoarekin hasi zuten lasterketa, eta horretarako gainahalegina egin zuten, beroak gorputzean duen eragina kontuan hartu gabe. Horregatik, lehenengo 5 kilometroetan batez beste 45 segundo bakarrik galdu zituzten, hau da, 9 segundo kilometroko. Hurrengo 5 kilometroetan, berriz, 23,6 segundo galdu zituzten kilometroko, eta, beraz, erritmoa egonkortuz joan ziren; ondoren, 10-15 kilometroen artean, 26,4 segundo galdu zituzten kilometroko; eta bukaeran, hasierako ahaleginaren ondorioz, 42,4 segundo galdu zituzten kilometroko, lehenengo tartean baino ia bost aldiz gehiago.
Helmugan batez beste galdutako denbora 8 minutu eta 27 segundo izan zela kontuan hartuta, eta erritmo ahalik eta konstanteenari eustea litzatekeela onena, 25,35 segundokoa izan zen galera kilometroko. Horrenbestez, parte-hartzaileek hasieratik egindako ahaleginaren ondorioak azken tartean azaleratu zirela ondorioztatu da.