MENÚ AUXILLIAR DE LA PÁGINA

FORTUNA
Bannerra

Behobia / San Sebastián webgune ofiziala - 53 Edizioa

53 Behobia - San Sebastián 2017

BEROAREN ERAGINA KIROLA EGITEAN

Beroa etsai handienetakoa izan daiteke edozein kirolarirentzat, batez ere intentsitate handiko ariketa fisikoa egiten badu. Behobia – Donostia lasterketan azken urteotan ikusi dugunez, laguntza medikoen kopuruak nabarmen egin du gora giro-tenperatura 20ºC baino gehiagokoa denean.

EUS-TABLA-ATENCIONES_WEB

Beroak hainbat larritasun mailatako ondorioak eragin ditzake gorputzean. Lasterketan zoazela ondoeza, kalanbreak edo zorabioa sentitzen baduzu, gelditu zaitez eta eskatu laguntza. Ez jarraitu korrika, zure egoerak okerrera egin dezake.  Osasun-laguntzarako zerbitzuak berehala eskainiko dizu arreta, baina neurririk onena egoera horri aurrea hartzea da. Jarraian, beroak gorputzean dituen eraginak azalduko ditugu, labur-labur:

Muskulu-kalanbreak.

Ura eta gatzak galtzearen eta tenperatura igotzearen ondorioz gertatzen diren muskuluen kontrakturak dira. Arazo larriago baten lehen sintoma izan daitezke. Gelditu zaitez eta eskatu laguntza, mesedez.

Bero-sinkopea.

Kontzientzia-galera da, pairatu duena segituan oneratuko da lurrean etzan ondoren. Batzuetan ez da konortea erabat galtzen, baina ondoeza, zorabioa edo egonkortasun eza sentitzen da. Likidoen eta gatzen galera larriagoa dela adierazten du, eta tenperaturak gorputzean duen eragina handiagoa da. Horrelakoetan, jarduera berehala gelditu eta laguntza eskatu behar dugu.

Beroagatiko akidura.

Korri egiten jarraitzeko ezintasuna, eta horrekin batera zorabioa, ondoeza, goragalea eta gorakoa. Berehala gelditu eta osasun-laguntza eskatu behar dugu.

Bero-kolpea.

Beroak gorputzean sorraraz ditzakeen ondorioen artean egoera larriena da. Garuna, giltzurrunak, muskuluak eta gibela kaltetzen ditu, eta berehalako tratamendua eskatzen du lesio larriagoa edo heriotza bera saihesteko. Iazko Behobia lasterketan bero-kolpe aktiboagatiko osasun-laguntzak izan ziren larrienak. Bero-kolpea giro beroarekin, hezetasunarekin eta lasterketa-erritmoarekin lotuta dago, eta ez zuzenean pertsonaren sasoiarekin, arazo kardiobaskularrekin edo hidratazio mailarekin.

Gure gorputzak beroa gainetik kentzeko gaitasuna du. Horretarako, lau mekanismo ditu: izerdia lurruntzea (hori da nagusia ariketa fisikoa egiten den bitartean), beroa irradiatzea, eroapena eta konbekzioa (azken bi horien kalterako da arropa ez-transpiragarria janztea). Giro-tenperatura altua denean, mekanismo nagusia izerdia izaten da, eta beroa gainetik kentzeko gaitasuna mugatua da. Horregatik, garrantzitsua da beroaren eragina areagotzen duten faktoreak ezagutzea:

Norbanakoarenak.

1. Norbere joera. Pertsona batzuek errazago nozitzen dituzte beroagatiko arazoak ariketa fisikoa egiten ari direnean. Pertsona batek inoiz antzeko arazoak izan baditu, azterketa sakona egitera joan beharko da ariketa fisikoari ekin baino lehen.

2. Atseden-eza. Behobia – Donostia lasterketa edo antzekorik egiteko beharrezkoa da aurreko gauean gutxienez 7 orduz lo egitea, bestela ez da egin behar.

3. Bat egiten duten gaixotasunak: katarroak, gastroenteritisa, … Horiek pairatuz gero beroagatiko arazo larria izateko arriskua areagotu egiten da ariketa fisikoa egitean.

4. Obesitatea.

5. Entrenamendu maila eskasa.

6. Aklimatazio-eza.

7. Deshidratazioa.

Eguratsaren ingurukoak.

1. Giro-tenperatura altua.

2. Hezetasun handia airean.

Antolatzaileek irteera baino lehen emango dute eguratsaren baldintzen berri. Egun bero eta hezea ez da egokia markak hobetzen saiatzeko. Egin korri polikiago eta saihestu arriskuak. Ez begiratu ordulariari, saihestu gainahalegina. Erabili pultsometroa pultsazioak kontrolatzeko.

Botikak edo drogak hartzea.

Drogak edo botikak hartzen badira areagotu egiten da beroagatiko osasun-arazoa pairatzeko arriskua. Alkohola, anfetaminak edo bestelako drogak saihestu behar ditugu, eta ez dute lasterketan parte hartu behar diuretikoak, betablokeatzaileak edo sistema kardiobaskularrerako bestelako botikak hartzen dituztenek. Bestelako botikaren bat hartzen ari bazara kontsulta ezazu aurretik.

Prebentziozko neurriak.

Lasterketaren aurretik.

Informa zaitez lasterketa-egunerako iragarrita dagoen eguraldiari buruz. Antolatzaileek ere emango dute horren berri.  Tenperatura altuak iragarri badituzte, mentaliza zaitez polikiago joateko.

Hartu atseden modu egokian eta egin lo gutxienez zazpi orduz lasterketa baino lehen. Saihestu alkohola eta bestelako drogak.

Ez egin korri katarroa, gastroenteritisa edo bestelako gaixotasunik baduzu.

Lasterketan.

Hidrata zaitez modu egokian (ez asko, ezta gutxi ere, gorputzak eskatzen dizuna) horretarako prestatutako guneetan.

Ez zaitez tematu lasterketa-erritmo jakin bati eusten edo marka bat lortzen. Tenperatura altua bada egoera larriak paira ditzakezu. Gehiegizko ahalegina egiten ari zarela igartzen baduzu, jaitsi lasterketa-erritmoa. Hainbat kilometrotan gehiegizko erritmoan joateak ondorio larriak ekar diezazkizuke.

Kalanbreak, zorabioa, ondoeza edo buruko mina baduzu gelditu zaitez eta eskatu laguntza. Abian den osasun-laguntzarako sistemaren bidez berehala artatuko zaituzte. Lasterketa datorren urtean ere izango da.


PIE DE PÁGINA

Pío Baroja, 47 - 20008 Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
T. 902 820 010 - F. 943 217 177 - info@behobia-sansebastian.com

Babesleak:

ADIDAS EDP BMW LURAUTO FORUM SPORT IMQ

Ostatua:

NERION

Garatua:

ADIMEDIA